XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez, maitea. Zer, ba? Zerbait esango zuela uste al zenuen?.

Amaren galdera hura irri-mirriz egina zegoela iruditu zitzaion Gerryri, eta are gorriago jarri zitzaizkion masailak.

- Ez, ez; ezer berezirik ez - erantzun zion, ahal zuen axolagabeziarik handienaz.

Zer-aterako ari zitzaion ama eta galdetu zion: - Jarraitzen al du Patsiek Clive horrekin irteten?.

Gerryk bere bizkar estuari eragin zion.

- Nik al dakit ba!- esan zuen axola ez balitzaio bezala, gelatik irteten jarraituz.

Eta gaineratu zuen, nahiz eta geroago ez jakin garbi zergatik -: Bost axola niri; ez da nire kontua.

Patsie bere munduan ibiltzen da mutilekin irteten denean.

Amari galdera gehiago egiteko astirik eta aukerarik ez emateko asmoz, gelatik bizkor irten eta eskaileretan gora joan zen ozen ziztuka axolagabetasun-plantak eginez.

Pixka bat geroago, Gerry jarleku batean kukubilkaturik zegoen bere gelan; dutxatu berria, artean ilea bustita zuen bekokian eta lepondoan.

Egun hartan bi aldiz dutxatu zen, eta lehenengoa baino ere freskagarriagoa gertatu zitzaion bigarren hura.

Txandal zahar nasaia zeraman soinean eta kiroletako zapatilak; MGa berregiteko koadernoa mantalean zeukan, eta hari begira zegoen arren, Clive bakarrik zuen buruan.

Zergatik deitu ote zion? Berak gogoratzen zuenez, ez zion telefono-zenbakirik eman.